Espainiarako Joko Arduratsuaren Estrategia onartu duela jakinarazi du Joko Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiak (gaztelaniaz, DGOJ). Horretarako, Joko Arduratsuaren Kontseilu Aholkulariko kideen ahobatezko babesa jaso du.
Joko Arduratsuaren Estrategia JAZN-k (gaztelaniaz, DGOJ) 2012ko azaroan abiarazitako egitasmo batetik sortu zen, eta haren proposamena zen Joko Arduratsuaren Kontseilu Aholkularia sortzea, jokoarekin eta ludopatiarekin lotutako esparru guztietako ordezkariek osatua. Hala, partaideen artean hauek egongo lirateke: industriaren ordezkariak, tokian bertan zein online; joko menpekotasunaren kaltetuei laguntzeko elkarteetako ordezkariak; joko menpekotasuna tratatzen adituak; unibertsitateetako ordezkariak eta Autonomia Erkidegoetako arautzaileak. Haien lehen zeregina zen Administrazioari laguntzea Joko Arduratsuaren Estrategia sortzen, jokoaren eragin negatiboak gutxitze aldera.
2013ko otsailean sortu zen Joko Arduratsuaren Kontseilu Aholkulari hori, eta orain adostuta dagoen estrategia osatzeko jardun du ordutik.
Estrategia horrek hainbat jarduera esparru biltzen ditu: joko menpekotasunaren azterketa, gizartearen sentsibilizazioa gaiaren inguruan, prebentzioa hainbat ekimenen bitartez, eta, azkenik, kaltetuei osasun-laguntza emateko mekanismoen koordinazioa.
Behin onartuta segituan abiaraziko den Estrategiak Joko Arduratsuaren webgunea irekitzea ere aurreikusten du, kaltetuei eta haien familiei informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzeko. Halaber, kaltetuei laguntzeko nazio mailako telefono zenbaki bat sortzea ere haren asmoetako bat da, baita Espainiako joko menpekotasunaren inguruko ikerketa egitea ere, hari eragiten dioten faktoreak eta prebentzio mekanismoak aztertuta. JAZN-k (gaztelaniaz, DGOJ) hiru jarduera horien garapena definitzeko lanari ekin dio berehala, eta Joko Arduratsuaren Kontseilu Aholkulariak hurrengo bileran haien xehetasunak azter ditzala nahi du.
Dokumentua"Espainiako Joko Arduratsuaren Estrategia 2013"