Definizioa eta ezaugarri nagusiak
1. Publizitate eta promozio helburuekin egiten den ausazko konbinazioa (PPHAK, aurrerantzean) zozketa mota bat da, ondoren azaltzen diren betekizunetako bakoitza betetzen duena:
a) Bere xedea da edozein motatako produktu edo zerbitzu bat sustatzea edo zabaltzea.
b) Parte-hartzaileak publizitate egiten zaion edo sustatzen den produktua edo zerbitzua kontsumitu baino ez du egin behar. Hau da, ez da ematen bestelako gainprezio edo tarifikazio berezirik, publizitatea egiten zaion edo sustatzen den produktuaren kontsumotik eratorritakoaz harago.
c) Zozketa ausazkoa da.
d) Zozketaren ondorioz, parte-hartzaileak sari bat eskura dezake, eskudiruzkoa, gauzazkoa edo zerbitzu baten bitartezkoa izan daitekeena.
2. PPHAK bat egiteko ez da inolako lizentzia edo baimenik behar, eta ez dago aurretik Joko Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharrik ere.
3. Egin nahi den zozketak ez baditu betetzen 1. atalean aurreikusitako betekizun guztiak, izan daiteke merkataritza-jarduera edo jarduera zibil hutsa, edo izan daiteke 13/2011 Legean arautzen den joko-jarduera bat, eta baliteke Joko Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiaren baimen berezi bat behar izatea.
4. Nolanahi ere den, PPHAK bat gauzatzean aplikagarriak zaizkiokeen merkataritza-zuzenbideko zein zuzenbide zibileko arau orokorren mende egongo da, ondoren zehazten den zerga-tratamendu bereziaren kalterik gabe.
Hainbat PPHAKi buruzko ohar bereziak
5.? Zozketan parte hartzen duten guztiek sari bat lortzen badute eta, gainera, saria guztientzat berdina bada, ez da ematen PPHAKi eskatzen zaien ausazkotasunik.? Halako kasuan, ez litzateke ere izango JAZNren baimen eta gainbegirapenaren mende litzatekeen joko-jarduera, ez dagoelako ausazkotasunik.
6. Saria jarduera burutu aurretik epaimahai batek esleitu eta ez badago epaimahai horren erabakiaren edo irizpenaren osagarri edo ondorio litzakeen zori edo ausazkotasun faktorerik, ez da ematen PPHAKi eskatzen zaion ausazkotasuna.
Zerga-tratamendua
7. PPHAKak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek Joko-jardueren gaineko zerga ordaindu beharko dute, 13/2011 Legean ezartzen diren baldintzen eta karga-tasaren arabera.
Tasa hori parte-hartzaileei eskaintzen zaizkien sarien edo ematen zaizkien abantailen merkatuko balio osoaren %10 izango da.
Zerga Administrazioko Estatu Agentziari (ZAEA) dagokio publizitate eta promozio helburuekin diren ausazko konbinazioen kudeaketa, bilketa, likidazio eta ikuskaritza.
Zergaren likidazio administratiboak eskatzeko, PPHAK bateko antolatzaileek ZAEAren edozein ordezkaritza edo administraziotara zuzendu behar dira.
Joko-jardueraren zergaren likidazioa formalizatzeko aurkeztu behar den dokumentazioa ZAEAk ezarriko du. Nolanahi ere, hauek beharko dira, gutxienez: zergadun gisa zergaren subjektu pasiboa den pertsona fisiko edo juridikoaren identifikazioa, PPHAKen oinarrien ale bat, eta eskainitako sarien edo emandako abantailen merkatu balioa zehazten duen justifikazioa.
Likidazio administratiboaren jakinarazpena jasotzen denean, ordainketa ZAEAk ezarritako modu eta epetan egin beharko da.
8. PPHAK batean parte hartzeagatik sari baten irabazle direnak horren berri eman behar dute euren PFEZ aitorpenean.
PPHAK batetik eratorritako sariak ondare handitze bat dira, indarrean den PFEZ araudian ezarritakoaren arabera.
Aurrekoaren ondorioz, PPHAK baten antolatzaileak dagozkien atxikipenak egin behar dizkiete irabazleei, banako gisa irabazitako saria 300 eurotik gorakoa denean.