Alderdi orokorrak
1. Ohiko joko-jarduerak antolatzeko interesdunek lizentzia orokor bat lortu beharko dute edozein joko mota garatzen hasi aurretik; lizentzia bana aterako da merkaturatu nahi den joko modalitate bakoitzeko.
2. Halaber, lizentzia berezi bana behar da lizentzia orokor bakoitzaren esparruko joko mota bakoitzaren ustiapenerako.
Lizentzia orokorrak lortzeko betekizun eta kostuak
3. Lizentzia orokorrak horiek emateko Ministerio Agindu batez ezarritako prozedura bat jarraituz lortzen dira. Hala, deialdiaren egungo oinarri-agiria Ogasun eta Funtzio Publikoaren abenduaren 5eko 1277/2017 Aginduz onartu zen, eta 2017ko abenduaren 16ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
4. Oinarri-agiri horretan zehazten dira lizentzia eskatzen dutenek bete beharreko betekizunak izaerari, kapital sozialari, xede sozialari eta abarri dagokionez.
5. Lizentzia eskatzaileak Espainiako sozietate anonimoak edo Europako Esparru Ekonomikoko herrialde bateko baliokideak izan behar dute, gutxienez hirurogei mila euroko kapital soziala eta xede bakar gisa jokoen antolaketa, merkaturatzea eta ustiapena dutenak.
6. Lizentzia orokorren eskabideekin batera interesdunek aurkeztu behar duten dokumentazioa ere zehazten da bertan, eta eskatzaileek aurkeztu behar duten plan operatiboaren edukia nahiz eskabidea aurkezten duen operadorearen proiektu teknikoaren edukia.
7. Eskatzaileen sistema teknikoak, Jokoa Arautzeari buruzko maiatzaren 27ko 13/2011 Legea garatzen duen azaroaren 14ko 1613/2011 Errege Dekretuan jasotzen diren xedapenetara egokitu beharko dira joko-jardueren betekizun teknikoei dagokienez; eta, halaber, hori garatzen duen araudiari, batez ere Joko Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko urriaren 6ko Ebazpenari, zeinaren bidez onartzen baita Jokoa Arautzeari buruzko maiatzaren 27ko 13/2011 Legearen arabera emandako lizentzien xede diren erreserba izaerarik gabeko jokoen sistema teknikoek bete behar dituzten zehaztapen teknikoak, trazabilitatea eta segurtasuna garatzen dituen xedapena.
8. Lizentzia orokorra lortzeko eskabidea eta erantsitako dokumentazioa bitarteko elektronikoez aurkeztuko da, zehazki Joko Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiaren Egoitza Elektronikoan aurreikusitako prozeduraren bidez. Eskabideak aurkezteko epea datorren 2018ko abenduaren 17aren eguerdiko 13:00etan amaituko da, oinarri-agirian ezartzen denarekin bat.
Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, ezingo da lizentzia orokorra lortzeko beste eskabiderik egin hurrengo deialdia argitaratzen den arte.
9. Operadore interesdunek, eskabidea aurkeztean, eskatzen den lizentzia orokor bakoitzari dagokion bermea eratu izana egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute. Lizentzia orokor bat eskatzen dutenek bi milioi euroko bermea aurkeztuko dute, lehiaketarako lizentzia orokorra denean izan ezik, bostehun mila euroko bermea aurkeztu beharko baitute orduan.
10. Lizentzia orokorren eskabidea aurkeztean, hauek izango dira jokoaren administrazio-kudeaketagatik ordaindu beharreko tasak:
11. Aurkeztutako eskabideen gainean ebazpena emateko epea sei hilabetekoa da, aurkezten diren hurrengo egunetik kontatzen hasita. Isiltasun administratiboa eskatutakoa onartzearen aldekoa izango da.
12. Operadoreek euren sistema teknikoen behin betiko egiaztapenaren txostena aurkeztu beharko dute lizentzia orokorra ematen denetik lau hilabeteko epean, azaroaren 14ko 1613/2011 Errege Dekretuan eta Joko Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko urriaren 6ko Ebazpenean, Joko-operadoreen sistema teknikoen behin betiko ziurtatze-txostenaren eredua eta edukia ezartzen dituen xedapena onartzen eta aldaketak kudeatzeko prozedura garatzen duenak, ezarritako modu eta baldintzetan.